2013/01/16

ILARGIA ETA GIZONA

Aspaldi, lapur bat bizi zen Antzuolan. Ez zen lapur handia, gauza txikiak lapurtzen zituen: oilo bat hemen, untxi pare bat han, letxugak, tomateak...
Negu gorriko gau hotz batean, zeruan izarrak kontatzeko moduko argitasuna zegoenean, herriko batek bere ate ondoan pilatua zuen egur sorta bat lapurtzea pentsatu zuen gure gizonak. Gauaren iluntasunez baliatuz eta jende guztia lo zegoela, egur sorta lapurtu eta etxera joan zen azkar.
Poz-pozik zihoan inork ikusi ez zuelakoan, eta lan handirik kosta gabe, burutu zuelako. Horretan, ilargia zeruan garbi-garbi zegoela konturatu zen eta, gainera, berari distiratsu jarraitzen zitzaiola iruditu zitzaion. Ilargiarekin haserretuta, oihu egin zion:
-Ez dut zure beharrik, entzun? Alde hemendik!
Ilargiak, jaramonik egin gabe, jarraitu egiten zion eta berriro oihukatu zion:
-Alde egiteko, entzun? Alde hemendik!
Gizonak egurra lurrean utzi, harri batzuk hartu eta ilargiari botatzen hasi zen.
Halako batean, ilargia jaisten eta jaisten hasi zen eta, gizonarengana hurbildu zenean, bere adarrarekin gerritik heldu eta jaso egin zuen.
Geroztik, lapurra ilargian dago eta ilbeteko gauetan bere aurpegia garbi antzeman daiteke, adi begiratuz gero.

No hay comentarios: