2012/01/31

EUSKAL SORGINAK

Sorginak Euskal Mitologiaren arabera Mariren leizeetan haren neskame dauden senitartekoak dira. Zuberoan, Belagile izena hartzen du, gehienetan.
Gauetan akelarre izeneko bilerak egiten dituzte.
Akelarre hitza oso zabaldua dago munduan zehar, eta, ziur aski, euskal hitz ezagunenetako bat izango da. Bilkura haiek Akerbeltzen gidaritzapean burutzen zituzten; bertan, gorputza ukenduz igurtzi, eta belarrekin egindako edabeak edaten zituzten.
Gauerdian hasi eta goizaldeko oilarraren kukurrukuraino bakarrik iristen da euren aginpidea. Pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputz atal bat falta zaie gehienetan, eskua, hanka edo burua. Katu itxura hartzen dute maiz. Sorginkeria kentzeko, katuaren itzalari egurra eman behar zaio.
Sorginek, akelarrera joan eta etortzeko, ukendu berezi bat gorputzean hedatu eta honako hitzok esaten omen dituzte:
Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik

MEDUSA

Medusa greziar mitologiako pertsonaia zen.

Brontzezko eskuak zituen, urrezko hegalak eta ilearen ordez sugeak zituen buruan.

Izaki beldurgarria zen mitologian, bere begiradarekin harri bihurtzen zituen begiei begiratzen ausartzen zitzaionari.

Perseok burua moztu zionean isuri zuen odoletik Pegaso, zaldi hegoduna, sortu zen.

PEGASO

Greziar mitologian Pegaso hegodun zaldi bat zen.

Pegaso Medusak isuri zuen odoletik jaio zen, Perseok burua moztu zionean.

Erabat zuria da eta hegan egitea ahalbidetzen dioten bi hego ditu. Bere hegaldiaren ezaugarrietako bat hegan ari denean, hankak mugitzen dituela da, airetik korrika ariko balitz bezala.

Pegaso, zinera gehien eramandako zaldietako bat da, adarbakarrarekin batera, fantasia eta fikziozko pelikuletan askotan agertzen direlarik

2012/01/30

2012KO INAUTERIAK

Otsailaren 17an, urtero lez, Getxon ikastetxeko ikasleek Inauterietako kalejiran hartuko dute parte.
Ikuskizun paregabea izaten da gure kaleak mozorroz josita ikustea, zein baino politago.

Aurten Andra Mari ikastetxean Mitologia gaiaren inguruan aukeratu ditugu gure jantziak.
Haur Hezkuntzako "aingerutxoek" lamien eta galtzagorrien itxura hartuko dute.
Lehen ziklokoek, berriz, adarbakarraren mozorroa aukeratu dute.
Bigarren zikloko ikasleak Fenix hegaztiaren lumez apainduko dira.
Eta hirugarren zikloan pertsonaia ugari eta zoragarriak ikusiko ditugu.

JENTILAK

Jentilak Euskal Mitologiako izakiak ziren, kristautasunaren aurreko euskal herritarrak irudikatzen zituenak.
Gizon erraldoi eta basati hauek mendian bizi ziren eta izugarrizko indarra zuten. Euren indarrez harri handiak mugitzeko gai ziren eta harri horiek gaur egun monumentu megalitikotzat dauzkagu.
Basati itxura izan arren jentilak baketsuak eta baikorrak ziren. Mairu ere esaten zaie.
Leiendak dioenez hain altuak ziren non itsasotik arropa batere busti gabe paseatzeko gai ziren, frakak belaunetaraino igota.
Kristautasuna etorri zenean, beraien bizimodua aldatu egin zen, eta mendian bizi ziren, bakarrik, etxe urrunetan, beste herritar kristau guztiengandik aldenduta
Beste kondaira baten arabera, jentiletako bat, Olentzero izenekoa, kristautasunera bihurtu zen. Harrez geroztik, Kixmiren (Jesus) etorrera jakinarazten du.
Desagertu baziren ere berba asko utzi digute: Jentil-baratze (mairu-baratze); Jentil-etxe (trikuharri); Jentil-zubi (harrizko zubi); Jentil-zulo; Jentil-leiho (zuloa harrian); Jentil-harri (harri handia); Jentil-festa (kristauena ez den festa); Jentil-herri (kristaua ez den herria); ...

2012/01/29

BAIONAKO GALTZAGORRIAK

Garai batean, oso gizon behartsu bat bizi zen Zarautzen. Erabat zorigaiztokoa zen; ekiten zionari ekiten ziola, dena gaizki ateratzen zitzaion. Tomateak landatzen bazituen, euria egin eta usteldu egiten ziren; behi eder bat erosten bazuen, gaixotu eta hil egiten zitzaion; ezkondu behar zuenean, andregaiak ez bat eta ez bi, utzi egiten zuen beste mutil batekin ezkontzeko... eta horrela beti.
Etsita, bere zortea hobetzeko zer egin ez zekiela, herritik kanpoko txabola batean bizi zen atso batengana joan zen. Jendeak zioenez, sorgina edo antzeko zerbait omen zen eta ahalmen ezkutuak omen zituen. Gizonak, bere ezbehar guztiak kontatu zizkion bada, eta atso zaharrak Baionara joateko aholkatu zion, hango denda berezi batean orratzontzi bat lau galtzagorrirekin erosteko eta bizitza erabat aldatuko zitzaiola.
Gure gizonak bideari ekin zion eta, Baionara iritsitakoan, dendaren bila hasi zen. Aurkitu zuenean, orratzontzi miragarri haietakoa erosi zuen ontza erdi batean. Saltzaileak honako aholku hau eman zion: jeinuak beti lanean eduki zitzala, bestela galtzagorriak jasanezinak bihurtzen zirela eta.
Zarautzera itzuli eta bere "familiarren" ahalmenak probatzen hasi zen. Lehenik soroa ereiteko agindu zien eta hala egin zuten. Pello konturatu baino lehen lana bukatu eta beste zereginen bat eskaka ari zitzaizkion.
-Zer egitea nahi duzu?
Eta zuhaitzak inausteko agindu zien. Berehala itzuli ziren.
-Zer egitea nahi duzu?
Pellok beste lanak agindu zizkien: teilatua eta hormak konpondu, putzu bat ireki, egurra txikitu, ganadua bildu, garia eho, behiak jetzi, gaztak egin ...
Eguna bukatu baino lehen, jeinuek baserriko lan guztiak eginak zeuzkaten.
-Zer egitea nahi
duzu? Zer egitea nahi duzu? -zioten behin eta berriro.
Baina Pellok ez zekien zer agindu, mila gauza pentsatu, baina ez zitzaion ezer bururatzen.
Orduan, lau galtzagorriak atzekoz aurrera hasi ziren lanean; ereindako hazi guztiak atera zituzten; adarrak berriro zuhaitzetan jarri zituzten, teilatuetako teilak kendu, putzua itxi, egurra enborretan bildu, ganadua sakabanatu ...
Gizonak etsita, ez zekien nola geldiarazi eta deitu egin zien:
-E! Orain ekar ezazue ura ontzi honetan!
Eta bahe bat eman zien. Galtzagorriak saiatu ziren esana betetzen, baina ura zuloetatik joaten zitzaien eta ahalegin ugari egin ondoren, honela esan zioten Pellori:
-Guk bete ezin dugun zerbait agindu diguzu eta horregatik alde egingo dugu eta ez gaituzu berriro ikusiko.
Eta hori esan eta desagertu egin ziren. Gizonak bere zorte txarrarekin jarraitzea hobe zela pentsatu zuen, bizi osoan aginduak ematen aritzea baino.

2012/01/25

MINOTAUROA

Greziar mitologian , Minotauroa zezenaren burua, gizonaren gorputza zuen eta giza haragia jaten zuen izaki izugarria zen..

Dedalo arkitektuak, Kretako laberintoa eraiki zuen minotauroa hor bertan hertsiz.

Urtean behin , zerga moduan eman behar zizkioten pertsonak (7 neska eta 7 mutil), laberintoan sartzen zirenean monstruak jaten zituen.

Teseo heroiak bere burua boluntario aurkeztu zuen sakrifiziorako. Kretara heldu zenean, Ariadna, Kretako erregearen alaba, heroiaz maitemindu egin zen. Teseo laberintoan sartu zen hari bati helduta, kanpoan Ariana hariaren beste muturrarekin geratzen zelarik .
Teseok Minotauroa aurkitu eta hil egin zuen.

AKERBELTZ

Kobazulo, leize nahiz lur azpiko mitoen artean, Akerbeltz beste jenio batzuen buru da.

Haren inguruan hainbat sineskeria biltzen dira, hala nola ekaitzak sor ditzakeela eta animaliak sendatzeko gai dela. Horregatik ohikoa izaten zen baserrietako ukuiluetan aker beltz bat haztea.

Etxe-abereen zaindari eta sorgin nahiz aztien buruzagi azaltzen da. Ezaugarri onuragarriekin agertzen zaigu batzuetan, eta beste zenbaitetan bere alde iluna erakusten digu

Sorginen eta aztien batzarrak, akelarreak, zuzentzen ditu. Kondairak dioenez Akelarretan Akerbeltz gurtu ohi zuten, bere inguruan dantza eginez eta isats azpian musu emanez.

2012/01/23

SUGAAR

Sugaar (baita ere Maju, Sugoi edo Sugar) euskal mitologiako izakia da, Mari jainkosaren senarra eta 2 seme ditu honekin.

Sugaar suge ar izugarria da; lur azpian bizi da, eta leizeetatik nahiz zuloetatik kanporatzen da. Leku batzuetan kontatzen dute tximista bezala zeharkatzen duela zerua, burua eta buztana sutan dituela. Ekaitz eta trumoiekin harreman estua du.

Elezahar batek dioenez ostiralero lur barnetik irten, Marirekin elkartu eta ekaitzak sortzen dituzte.

Mundakako beste alegia baten arabera Sugoi eta eskoziar printzesa baten arteko elkartze batetik jaio zen Jaun Zuria, Bizkaiko lehen jauna.

Besteak beste, gurasoei kasu egiten ez dieten seme-alabak zigortzen ditu.

MARI

Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia da. Anbotoko Mari, Anbotoko Dama izenak ere hartzen ditu.

Hainbat euskal menditan bizi da (Txindoki, Murumendi ..), bizitokirik garrantzitsuena Anbotoko leize bat duelarik, "Mariren Koba" izenarekin ezaguna.

Dama elegantea eta ederra da Mari, lurpekoen andere, trumoi eta tximisten gidari, aberatsa eta ibiltaria. Zazpi urtetik zazpi urtera mugitzen da leize batetik bestera, argi biziz inguraturik, suzko bola baten moduan. Lau zaldik eramandako gurdi baten gainean ilargi beteko gauetan ere ikusi izan dute.

Sugaar da bere senarra, sorginak bere gurtzaileak eta bi seme ditu: Mikelats eta Atarrabi , ongia eta gaizkiaren irudikapenak

Badaki gaiztoak zigortzen eta zintzoak saritzen. Gaiztoei uztak hondatzen dizkie. Zintzoei, berriz, lurreko emaitzak ugaritu eta iturriko ur onak ematen dizkie.

Mariri beti hika egin behar zaio. Ezin da bere aurrean eseri, eta bere kobazulotik sartutako eran atera behar da.

FENIX HEGAZTIA

Fenix Hegaztia arrano baten neurriko hegazti mitologikoa da, luma gorri, laranja eta hori kolore gorrikoa, moko eta atzapar indartsuekin. Bere errautsetatik berpizten zen hegazti miragarria zen.

Mito batzuen arabera, bizilekua Ekialde Hurbilaren eta Indiaren arteko eskualdean zuen, Egipto eta Afrikako iparraldera ere iristen zelarik.

500 eta 1000 urte inguru bizi zen. Bizitza amaitzear zegoenean adaxkaz habia egiten zuen , habiak sua hartzen zuen eta suak habia eta txoria kiskaltzen zituen . Hortik Fenix txori berri gaztea birjaiotzen zen . Errautsetatik birsortzeko zuen gaitasuna dela eta Fenix hegaztia hilezkorra dela esaten zen.

2012/01/20

ADARBAKARRA

Adarbakarra mitologiako izakia da. Oro har zaldi zuri bat bezala agertzen da, lehoiaren tamaina, antilope hankekin, eta kopetan adar-luzea. Adarra da, hain zuzen ere, adarbakarraren ezaugarririk berezkoena. Luzea, itzulinguru itxuran eta zorrotza.

Antzinako Grezian adarbakarra ez da mitologia kontakizunetan ageri, baizik eta natur-zientzia liburuetan, adarbakarra Indiako benetako animalia zela uste baitzuten

Erdi Aroko leiendetan, berriz, adarbakarra pizti gisa agertzen da, erasokorra, bakarzalea eta hori bai, beti edertasun misteriotsuaren jabe.Garai horretako elezaharren arabera abere bikaina zen, elefante bat garaitzeko gai. Bere adarrak ezaugarri magikoak zituen. Urak arazteko eta pozoia neutralizatzeko. Haren ondorioz, adarbakarraren adarrak oso gauza preziatuak izan ziren


TARTALO

Bekokian begibakarra zuen erraldoia zen. Homerok, idazle greziarrak, bere Odisea liburuan azaltzen duen Polifemo ziklopea dakarkigu gogora.

Begi bakarreko izaki gaiztoa zen . Haitzuloetan bizi zen eta bertara inguratzen zen edonor hartu eta jan egiten zuen. Artalde handi bat zuen eta bizi zen kobazuloan harri handi bat jartzen zuen ate gisa. Inguruko jendea zeharo beldurtuta bizi zen, Tartalo gizajalea baitzen. Izan ere herrietako gazteak bahitu eta jan egiten ditu pizti anker honek

Tartalo "Begibakarra" Santa Eufemiako mendian bizi zen. Euria egiten zuenean hanka luzatu eta bere oinaz Markina osoa estaltzen zuen. Horrela, markinarrak ez ziren bustitzen.
Beste izen batzuk ere bazituen : Alarabi, Torto,…

2012/01/19

LAMIAK

Lamia euskal mitologian kondaira gehien biltzen duen pertsonaia da.

Emakume eder baten itxura omen zuen, oinak ahuntz, ahate edo oiloarenak izan arren. Lamiak erreka zuloetan egoten ziren ilea urrezko orraziaz orrazten. Haien edertasunez gizakumeak liluratuta geratzen ziren.

Lamien zereginen artean honako hauek zeuden: artilea haritu; trikuharriak, etxeak, zubiak eta elizak eraiki; eta arropak garbitu. Honela, zubi batzuk lamiek egindakoak dira: Ebraingoa (Bidarrai), Azalaingoa (Andoain), Urkulukoa (Leintz-Gatzaga), Ligikoa…

Nekazariek erreka ertzean janaria uzten bazieten, lamiek gauez jaten zuten eta horren truke bukatu gabe utzitako lana amaitzen zieten.

Kondairak dioenez gazte asko lamiekin maitemindu ziren, baina oinak ikustean ezin zirela haiekin ezkondu konturatzen ziren
Dirudienez, kristautasunaren etorrerak badu zerikusia Lamien bukaerarekin. Izan ere, lamia gehienak desagertu omen ziren , mendietan baselizak eraiki zirenean

2012/01/16

ZERBERO

Cancerbero edo Zerbero greziar mitologiako infernuko atea ( Hades) gordetzen zuen txakur ikaragarria zen.
Hiru buru zituen eta buztanaren ordez, erasotzeko erabiltzen zuen suge erraldoiaz hornituta zegoen.
Hades edo infernua babesten zuen, hildakoen ihesaldia eragozten eta bizidunen sarrera galarazten.
Hala ere bitan izan zen garaitua:


  • Behin Orfeok bere musika erabiliz baretu eta lokarrarazi zuen.

  • Beste batean Herkulesek menperatu eta kateatu zuen, bere 12. lana bete zuelarik.

GALTZAGORRIAK

Prakagorriak edo Galtzagorriak deabru edo iratxo txikiak dira .

Buruan kapela gorria dute, tomate bat bezain gorria. Praka gorriak dituzte soinean eta, hain dira txikiak, orratzontzietan ezkutatzen direla. Leku batzuetan euli itxura dute; beste batzuetan, aldiz, galtzagorriko gizontxoena.

Kalte gabekoak dira. Ekintza miresgarriak egiteko gai dira. Pertsonei eta gizakiei laguntzen dietenez, bihotz onekoak dira.

Jabeak orratzontzi edo kutxatxo batean izaten ditu, eta bere esanetara daude edozein lanetan laguntzeko, lan hori sinesgaitza izanda ere. Bizileku duten orratzontzia irekitzean, nagusiaren buru inguruan biraka hasten dira zer egitea nahi duen etengabe galdezka. Jabeak agindutako lanak egiten egoten dira gauez, eta, etxekoen pozerako, hurrengo goizerako amaituta izaten dituzte lanak, nahiz eta ikaragarrienak izan.
Beste izen batzuk dituzte : Mamur, Mamarro, Prakagorri, Gaizkiñak, Mozorro, Bestemutillak, Farmerijaleak, Enemiguillos, Ximelgorri ...

2012/01/12

Geometria....




BASAJAUNA

Basajaun basoan bizi den euskal mitologiako izakia da. Sinesmen batzuetan, Basandere izeneko lamia eder bat du emaztetzat.

Jentilak bezala, oihan ilun eta leize sakonetan bizi zen gizaki handi, iletsu eta basatia da, baina hauek ez bezala, oso jakintsua da. Indar handiko izaki beldurgarri eta gaizto bezala ere irudikatu izan da.

Gizakiaren aurretik nekazaritza ezagutzen zuen eta hainbat gauza erakutsi omen zizkion. Artzainari artaldea zaindu ere egiten dio. Artaldeen jeinu babeslea da, eta ekaitz arriskua dagoenean, orro egiten du artzainek artaldea babes dezaten; gainera, otsoa artaldera hurbil ez dadin arduratzen da. Nekazaritza zabaltzen lehena izan omen zen; errementari eta errotaritzat ere hartu izan da; eta gizakiak beragandik ikasi omen zuen laboreak ereiten, zerra egiten eta metalak soldatzen.

Hainbat lekutan Basajaunak Anxo izena hartzen du, trikuharriak eraiki zituen pertsonaia

2012/01/11

AZKEN BERRIA!!!



IKUSI MAKUSI...EGUNEROKO GEOMETRIAri buruzko erakusketa arreratu egin digute eta gaur bertan liburutegian montatu dute.


Pilar Moreno argazkilariaren eskutik, inguratzen gaituzten gauzak begi matematikoekin aztertzea eta interpretatzea oso erraza eta dibertigarria dela konturatzen gara.



2012/01/10

SIRENAK

Greziar mitologian, sirena alegiazko itsas izakia izan zen, emakumearena bezalako burua eta gorputz-enborra eta gainerakoa arrain- edo hegazti-formakoa zuena. Bere kantuek nabigatzaileak itsas ertzera erakartzen zituzten.



Homeroren Odisea liburuan pertsonaia hauek agertzen dira.
Itakarako bidean, Ulises eta haren marinelak sirenen uharte ondotik igaro ziren. Ezaguna zen sirenen kantuaren arriskua: gogorik sendoena sorgindu zezakeen, eta uhartera erakarri, sorgindutakoa sirenen esklabo bihurtzeko. Baina kanturik ederrena ere ba omen zen, eta Ulisesek entzun egin nahi.
Ulisesek marinelen belarriak argizariz bete zituen eta bera mastara lotzeko agindu zuen. Sirenen kantua hasi zenean ia erotu egin zen Ulises. Alferrik izan ziren haren oihuak eta askatzeko erreguak .



Honela ahal izan zuen Ulises-ek sirenen doinuak entzun bizitza arriskuan jarri gabe.

2012/01/09

BASANDERE

Euskal mitologiako jeinua zen , Basajaunaren emaztea. Haitzuloetako sarreretan bizi zen.

Irati inguruko basoan dagoen haitzulo baten sarreran, apaintzen omen zuen bere adatsa, urrezko orrazi batez.

Leienda batek kontatzen duenez , behin Basajaunak ermita batetik zutargi eder bat lapurtu zuen eta bere emazteari oparitu zion.

Basandereak zutargia beti izaten zuen bere alboan ilea orrazten zuen bitartean eta eguzkiaren izpiek bertan jotzen zutenean izugarrizko disdira ikusten zen.