2012/02/29

BEHARSAREA: GETXON LANA EUSKARAZ

Beharsarea Getxon euskaraz egiten den lana eskaini eta eskatzeko web orria da, Egizu elkarteak kudeatua.
Beharsareak bitartekari lana egiten du langile euskaldunak behar dituztenentzat eta lan horiek egin nahi dituzten herritarren artean.Baldintza bi betetzea eskatzen zaio zerbitzu honen erabiltzeari:
1-Lanak euskaraz egitea
2-Lan baldintzak duinak izatea.
DOAKO zerbitzua da.
Beraz, zaintzaile euskaldun bat behar izatekotan, eskola partikularrak emateko irakasle bat, begirale bat... ondorengo orrian sartu. Lan eskaintzak gazteleraz ere idatz daitezke.

2012/02/23

2012KO INAUTERIAK

Ikuskizun paregabea izan zen aurreko ostiralean Getxon izan genuena.


Ikastetxeko guztietako ikasleek kalejira osatu zuten, zein baino dotoreago.


Andra Mari eskolako haurrek mitologia pertsonaiak aukeratu zituzten eta ibilaldi luzearen ondoren txorizo goxoa dastatu zuten ikastetxean bertan.

2012/02/16

KILI- KOLO kanpainaren irabazleak

Gaur, eguerdiko 12etan Liburutegi Handian Kili-Koloren pertsonaia izkutua asmatu dutenen artean zozketa egin da.
Hauexek izan dira irabazleak:
Haur Hezkuntza: ID21 taldea
1. zikloa: PB11 taldea
2. zikloa: PD31 taldea
3. zikloa: PD51 taldea
Irabazle guztiek, arratsaldez, kremazko tostadak dastatzeko aukera izan dute.
Nik neuk frogatu ditut eta zin dagizuet izugarri goxo zeudela.
On egin !!!!

BEHE-NAFARRAKO INAUTERIAK: ERRALDOITXOAK

Behenafarroan Inauteriek maiatzaren amaiera arte irauten dute eta ez dira herri bakar batean ospatzen.

Inauterian egiten den desfileari Kabalkada deitzen zaio. Kabalkadetan parte hartzen dutenen artean Bolantak dira ezagunenak eta ikusgarrienak. Dantzari horiek lepotik zetazko koloretako zintak daramatzate zintzilikatuta.

Kabalkadan parte hartzen duten pertsonaia gehiago ere badago. Zaldikoak , Zapurrak, Makilari, Banderariak, Basandereak , Bolantak, Erraldoitxoak ,…

Erraldoitxoak bi izaten dira, emakume argal, luze eta fin bi itxuratzen dituzten panpinak dira, dantzari bik eramaten dituzte sorbalda gainean.

Dantza dugu kabalkadan elementu nagusiena. Hogeita hiru omen dira kabalkadetan egiten diren dantzak eta hamazortziren bat pausuak.

ZUBEROAKO INAUTERIAK: ZAMALTZAIN

Zuberoako Maskarada urtearen hasieratik Astearte Inaute arte ospatzen da. Maskaradetan dantza izaten da elementu nagusia.

Maskaradako pertsonaiak bi taldetan daude banatuta: gorriak eta beltzak. Lehenengoak, gorriak, garbi eta dotore jantzita daude, eta, jakina, gorria nagusitzen da haien arropetan. . Talde horretakoak dira Txerrero, Artzaina, Gatuzain, Kantiniersa, Zamaltzain, Zikiratzaileak, Ferratzaileak, Kukulleroak, Jaun eta Anderea, Laboraria eta Etxekoanderea.

Gorrien ondoren musikariak doaz, eta, hurrengo, maskarada beltza. Talde honetakoak dira Ijitoak, Berzkinak, Zorrotzaileak, Eskaleak...Zikin eta pobre jantzita agertzen dira.

Zamaltzain da pertsonaia garrantzitsuena. Gerrian loturik zaldi itxura bat darama.Buruan ttunturro luzea janzten du eta bertan, loreak, lumak eta ispili biribil bat ditu apaingarri. Soinean jaka gorria eramaten du aurrealdea zuria duena, prka beltzek koloreko zinta eta zilarrezko marrak dituzte edergai. Polainak ere baditu. Dantzaririk onena eta ikusgarriena da. Makila edo usta bat darama eskuan. Zaldiaren mugimendua irudikatzen du, orain ostikoak emanez, geroa airean saltoak eginez.

2012/02/15

LAPURDIKO INAUTERIAK: KOTILUNGORRIAK

Lau egunetan ospatzen dituzte Ustaritzen Inauteriak. Lehengo hiruretan eskaerak egiten dira. Pertsonaia finko batzuk joaten dira etxez etxe dantza egiten eta etxekoek emandakoa jasotzen.

Hiru egun horietan dantzariak desfilean joaten dira batetik bestera. Desfile horretan Kaskarot, Ponpiera eta Kotilungorri deitzen direnek hartzen dute parte.
Kaskarotak dira izatez dantzariak. Alkandora eta praka zuriak dituzte, txapel brodatua, gerriko zabal morea eta praken bi alboetan koloreetako zintak josita , irudiak egiten. Eskuetan bina makilatxo. Mutilak izaten dira, hamarren bat. Talde hori joaten da lehengo, musikariak dituztela atzean.
Ondoren, Ponpiera eta Kotilungorriak doaz. Ponpiera, antzinako bufoien antzera dago jantzita, aurpegian karatula gorria darama eta eskuetan sorgin-artaziak.
Kotilungorriak dira guztien artean ikusgarrienak, bi izaten dira. Gona gorria dute soinean, praka zurien gainetik, artilezko jaka zuria eta koloreetako amantala; horren poltsikoan airera eta jendeari botatzeko errautsa daramate. Eskuan, ostera, makila daramate, bertatik zintzilik behi-buztana; buruan, txoto luze piramidala eta gerrian zintzarri ugari eskegita; aurpegia tela gorrizko maskara batez estalia, aho eta begiak bistan dituztela. Pertsonaia horiek umeak izutzen ibiltzen dira. Horrez gain, etxekoek emandako eskudirua batzen dute. Sei edo zazpi ordutan etxez etxe ibili ondoren, txokoren batera abiatzen dira jatera guztiak.

KILI- KOLO

Aste baten zehar gira eta bira ibili dira gure ikasleak pertsonaia mitologiko bat asmatu nahian.


  • Euskal Herriko pertsonaia mitologikoa da.

  • Bihotz-onekoa da.

  • Batzuetan animalia baten itxura hartzen du.

  • Astuna da, beti galdezka dabilelako.

  • Orratzontzietan bizi edo izkutatzen da

Bai, GALTZAGORRIAK DIRA!!!!!!

2012/02/14

NAFARROA: LANTZEKO INAUTERIAK

Astelehen eta Astearte Inauterian izaten da festa Lantz-en. Egun bakoitzean antzezpen jakin bat jokatzen dute, eta egun bakoitzak bere ibilbidea du.
Hona hemen jaian parte hartzen duten pertsonaiak:

MIEL- OTXIN
Luzeran hiru metro dituen panpina erraldoia da; besoak gurutzean ditu, pago-zurez eginak. Alkandora nabarra, gerriko gorria, praka urdinak, larruzko edo gomazko polainak eramaten ditu. Lepoan, koloretako zapia. Aurpegia kartoiz egindako mozorroa da eta gainean txano koloretsua darama, oso bitxia. Barrua lastoz beterik dauka; behin egin eta gero mutil batek lepo gainean hartu eta dantzan eragiten dio jai osoan zehar.


ZIRIPOT
Zakuz jantzita goitik behera, belar zimel eta iratzez beterik dago, itxura potolo eta barregarria hartuz. Ibilera traketsa da bere ezaugarri nagusia. Euskarri moduan makila luze bat erabiltzen du. Aurpegian zaku-ehunezko mozorroa eta buru gainean zapi bat darama.

ZALDIKO
Zaldiko zentauroa da, gizon batek, armazoi bat jarrita, zaldiaren itxura hartzen du. Armazoiak aurrealdean dauka zaldiaren buruarena egiten duena , eta zaldi-buztana atzealdean.

TXATXOAK
Txatxoek hainbat eratako janzkera daukate, baina, hori bai, guztiena da oso koloretsua. Eskuan erratza edo makila daramate. Aurpegia estalita eta buruan kapela konikoak, kolore askotakoak horiek ere.

FERRATZAILEAK

Ferratzaileak hiruzpalau izaten dira. Zakuzko telaz izaten dute estalia gorputza eta beren lanbideari dagokion tresneria daramate eskuan.


Astelehenean hasten da festa. Miel Otxin doa jendetzaren buruan. Ziripot traketsa, oinez egin ezinik dabil. Makila baten laguntza du oinez egiteko. Txatxoek oihu eta dantza egiten dute. Zaldiko saiatzen da Ziripot lurreratzen etengabe, eta Ziripot, traketsa bera, behin eta berriro erortzen da .. Zaldiko Ziripotengana hurbiltzen den bakoitzean, Txatxoek defenditu egiten dute gure gizon Zaldiko, eta Ziripot lurrera botatzen saiatzen da. Halako batean, Zaldiko harrapatzen dute Txatxoek. Ferratzaileek Zaldiko ferratzen dute.

INAUTERIAK NAFARROAN: JOALDUNAK

Ituren eta Zubietako Inauterietan joaldunak agertzen dira. Herri horietan, urtarrileko azken asteko edo otsaileko lehenengo asteko astelehen eta asteartean ospatzen dira Inauteriak, bi herrietako mutilek ados jarrita aukeratzen duten egunean.

Joaldunak bi herri horietako mutil taldeak dira; beraien ezaugarri nagusia gerrian zintzarri handi parea lotuta eramatea da. Zintzarria da Inauteri horietako elementu nagusia. Mutilok, gerria astinduz, izugarrizko hotsa ateratzen diete zintzarrioi. Binaka joaten dira ilaratan joaldunak.

Astelehen eguerdian Zubietako Joaldunak joaten dira Itureneraino, hogei, hogeita hamar edo gehiago ere, beren dantzarekin zintzarri-hotsa sortzen.

Asteartean Iturengoak joaten dira Zubietara. Bide erdian egoten zaizkie zain Zubietakoak, eta elkarrekin egiten dute hortik aurrerako bidea. Bide hori egiten ere etengabe entzuten da zintzarri-hotsa. Bidean, beste lagun batzuk gehituko zaizkie: karroxak, mozorrorik harrigarrienak, sorginak, ijitoak…Ordu bietan bueltan heltzen dira Joaldunak Zubietara eta hango kaleak eta enparantzak korritzen dituzte, beren dantzan kontzentraturik, seriotasun handiz.

Ituren eta Zubietako Joaldunen janzkera desberdina da. Iturengoak ardi larru doblea eta zapi gorriak daramatzate soinean; Zubietakoek, ordea, ardi larru bakarra eta zapi urdinak. Guztiek eramaten dute isipua eskuineko eskuan eta txoto dotorea buruan. Txoto horri” Ttuntturroa” deitzen zaio, hortik Joaldunei “Ttunttrurroak” deitzea.

Zintzarrei “joare” deitzen zaie, hori dela eta, joaredun izena ere jasotzen dute.
Badago beste era bat ere talde hauek izendatzeko: Zanpantzarrak.

INAUTERIAK GIPUZKOAN:TOLOSAKO INAUTERIAK

Tolosa herrian ospatzen diren hiriko inauteri izateaz gainera, Euskal Herriko inauteri ospetsuenetakoak dira.

Ohiko mozorroez gainera, euskal jaietako osagai guztiak biltzen ditu, hala nola kuadrillak, danborrada, txarangak, txosnak, desfileak, soka-muturra, gastronomia, txupinazoa.
Francoren diktaduraren garaian, Hego Euskal Herrian baimendutako hiriko inauteri bakarrak izan ziren, Udaberriko festak izena bazuten ere.

INAUTERIAK ARABAN: MARKITOS

Arabako lautadan Zalduendo herria dugu. Bertan ospatzen diren Inauteriak oso zaharrak dira eta Markitos da pertsonaiarik garrantzitsuena.

Panpina da Markitos, traje beltza janzten du, gorbata eta guzti. Arrautza-oskolez egindako idunekoa darama, apaingarri gisa.

Inauteri Igande goizean asto gainean jarri eta herriko kaleetatik paseatzen dute. Gero, aurretik pentsatutako leku batera eramaten dute. Sei metro luzeko makila baten puntan jartzen dute. Makila zutik ipintzen dute lurrean sartuta, eta han goian geratzen da Markitos ordu batzuetan.

Arratsaldean Markitosen bila joaten da prozesioa. Bere gurasoak ere, Atsoa eta Agurea deituak, han doaz. Markitosi epaiketa egiten diote eta errudun suertatzen da, herrian gertatu diren ezbehar guztien errudun. Beraz, sutara kondenatzen dute, su ematen diote eta herri osoak dantza egiten du suaren inguruan.

2012/02/13

BIZKAIKO INAUTERIAK: ATORRAK



Mundakan, Igande Inauterian, gizon eta mutil talde handi bat kaleratzen da, musika jo eta abesten.

Zuri-zuri jantzita joaten dira guztiak, musika bandaren zuzendaria izan ezik; frak beltza eta kolore bereko kapela eramaten ditu soinean. Musikariek burko-azala janzten dute buruan, batzuetan aurpegia bistan utzita eta beste batzuetan aurpegia estalita. Aurpegia bistan daramatenek bibote eta papilote handiak pintatzen dituzte beren aurpegietan. Bi gona dituzte. Gona bat gerrian eta bestea lepotik sartuta, alkandora balitz bezala.

Herriko kaleetan ibili ondoren, kantatu eta kantatu, portura abiatzen dira zuzendariaren gidaritzapean. Portuan, petril gainera igo eta banan-banan ilaran jartzen dira guztiak. Urtean-urtean kantu berri bat asmatzen dute egun honetarako, eta, kantatzeko orduan, kantu berri honetaz gainera aurreko urteetako abestiak ere izaten dituzte kantatzeko gai.


Egun honetan, Mundakan, beste herri batzuetan bezala, tostadak jateko ohitura dago. Antzina, atorrak balkoietatik sukaldeetara sartu eta etxeko andreak prestatutako tostadak lapurtzeko ohitura zegoen.

INAUTERIAK EUSKAL HERRIAN

Euskal Herrian Inauteriek tradizio luzea zuten.
Diktadura garaian debekaturik egon ziren eta hainbat tokitan galtzeko zorian ere,
Egun jai hauek berpiztu dira eta probintzia guztietan pertsonaia eta ikuskizun paregabeak topa ditzakegu.
Ondorengo helbidean informazio interesgarria eskura dezakezue:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1139932886

2012/02/12

INAUTERIAK MUNDUAN

Espainian oso ezagunak dira Cádiz eta Tenerifeko inauteriak. Cádizen chirigota izeneneko kantari taldeak agertzen dira eta mozorrotuta joateaz gain umorezko kritika soziala egiten dute kantuz. Tenerifen desfilea da ekitaldi ikusgarriena, Rio de Janeiroko inauteriaren antzera.


Veneziako inauteriak dira Italia osoan ezagunenak. 1268tik ospatzen dira, gutxienez. XVII mendeko jantzi landu eta ikusgarriekin mozorrotzen dira, maskara landuekin.


Londresko Notting Hill auzoan milioi bat eta erdi pertsona biltzen dituen desfilea ere egiten da. Bertako Karibeko immigranteek ekarritako inauteria da eta Brasilgo inauterien antzekoa da.

Munduko inauteri ezagunenak dira, bereziki Rio de Janeiroko inauteria. Han, karroza landu eta koloretsuekin desfile ikusgarriak egiten dira, samba musikaz dantza eginez etengabe.


INAUTERIAK

Inauteriak bereziki Europan eta Amerikako hiri eta herrietan neguaren bukaera aldera ospatzen dituen jaiak dira. Desfileak, mozorroak , kantuak eta dantzak inauterien ezaugarri bereziak dira, umore, parodia eta satira erabilita, gizarte ordena urratuz eta alderantzikatuz.
Historikoki, Kristautasun tradiziotik abiatzen diren jaiak dira, barau eta pribaziozko Garizumaren (Kuaresma) aurretik ospatzen baitira, baina zenbaiten ustez paganismoan daude
oinarriturik.
Euskal Herrian inauteriak, inauteak, ihoteak eta aratusteak deitzen zaie jai horiei.
Hainbat adituen iritziz, Saturnalia eta Lupercalia erromatar jaiekin daude loturik. Garai hartan askatasun osoarekin lotzen ziren jai horiek, izan ere, bertan herri ordenaren iraultzea baimentzen zen. Beste batzuen arabera, udaberriaren hasierarekin lotzen dituzte, eta, beraz, jai hauek duten kutsu kristaua hartzen dute.
Inauterietan izaki mitologiko gaiztoak uxatzen ziren eta zarata handia ateratzeko baimena zegoen
Kristautasunak jaiak bereganatu eta jaiaren mugak jarri omen zituen: Aste Santua baino 40 egun lehenago hasita eta haragia uzteko debekua hasten zen egunean bukatuta (hausterre-eguna).
Inauterien jaiak mugikorrak dira egutegian; hau da, urte batetik bestera data zehatza aldatu egiten da, kristau liturgia-egutegiko Garizuma eta Pazkoa kristau ospakizunak erreferentzia harturik. Oro har, inauteri jaiak Garizuma abiatzen den aurreko astean hasi eta Garizuma hasierako hausterre-egunaren bezperara arte luzatzen dira.
Pazko aurreko zazpigarren igandea da inauteri-igandea. Toki batzuetan hurrengo larunbatean ere ospatzen da inauterietarako, Algorta eta Altsasun esaterako, eta igandean Bilboko Santutxu auzoan. Beste batzuetan, ordea, lehenago dira: Zubietan eta Iturenen esaterako, inauteriak urtarrileko azkeneko igandearen osteko lehen astelehen eta asteartean ospatzen dira


2012/02/07

GNOMOAK

Gnomo bat itxura txiki eta giza jarduerak dituen izaki txiki bat da, hau basoetan bizi da eta batzuetan gizakion etxeetan. Ohitura hau oso hedatua dago Europan zehar, batez ere Iparraldeko Herrialdeetan eta Ingalaterran, handik Estatu Batuetara igaro zelarik.
Gnomoa delakoa, izaeraz onbera da, naturarekin bat eginik bizi da, honetatik beharrezkoa duena bakarrik ateratzen duelarik.


Gizakiekin harreman gutxi izaten ditu.


Askotan Euskal Mitologiako galtzagorri, iratxo eta ipotxekin parekatu ohi da.

GIZOTSO

Kultura askotako herri-sinesteetan ageri den izakia da.

Oihanaren barrenean bizi den erdi otso erdi gizon itxurako munstro basatia da Gizotso. Izugarrizko indarra du, eta gauez ateratzen da, kate batzuk zintzilika dituela. Indar izugarria dauka , eta oin borobildua.

Pizti mitologiko hau Nafarroako eskualdean, Donezteben, eta, Bizkaian, Zeanurin eta Arratian aipatu izan da, batik bat.

2012/02/03

HIDRA

Lernako Hidra ur-munstro bat zen, hainbat buru eta hats pozoitsua zituena.
Herakles bere bigarren lana betetzeko hidraren bila joan zen Lerna lakuraino. Bertan sudurra zapi batez estali zuen, Hidrarengana iritsi zenean, buruak mozten hasi zen. Baina moztutako buru bakoitzagatik, beste bi ateratzen zitzaizkion.

Orduan lagun batek eman zion ideia bat, Hidraren buru bakoitza moztu ondoren, honi su ematea. Horrela lortu zuen Hidrari buru gehiago ez ateratzea eta berau gainditzea. Heraklesek geziak Hidraren odol pozoitsuan busti zituen, bere lana eginez.

HERAKLES/ HERKULES

Herakles greziar mitologiako heroi bat zen, Zeusen semea eta bere indar ezohikoagatik ezaguna. Bere bertsio erromatarra Herkules da. Historia asko kontatzen dira berari buruz, ezagunenak bere hamabi lanak izanik.

Bera izan zen Zerbero zakurra infernutik atera zuena eta Lernako hidra akabatu zuena.

URTZI

Urtzi ala Ortzi euskal mitologiako pertsonaia da. Zeruan bizi den jainko honek ekaitzak sortzen ditu. Urtzi trumoien, tximisten eta ortzadarraren jainkoa ere bazen.

Urtzik gidatzen du eguraldia: triste dagoenean euria egiten du, lotsatzen denean, lainoak agertzen dira, haserre denean tximistak azaltzen eta trumoiak jotzen du eta lotara joaten denean ilundu egiten du eta gaua etortzen da.

Aintzineko euskeraz “zerua” hitza erabili beharrean “urtzi” erabiltzen zuten. Gaur egun, guraso batzuek Urtzi izena ematen diete semeei.

2012/02/02

MARI TEILATUKO

Hagina galdu duzu? ba, jakin ezazu Euskal Herrian Mari Teilatukoak batzen dituela ume txiki guztiei jausitako haginak.

Horregaitik, hortza erortzean teilatura bota eta abesti hau kantatu:

Maritxu Teilatuko, gona gorria.

hartu hagin zaharra

eta ekarri berria.

Mari Teilatukoak kanta hori entzundakoan hagina batu eta bere aintzira magikora eramango du, bertan izar bihurtuz.

2012/02/01

ZENTAUROAK

Zentauroa Antzinako Greziako elezaharren arabera, gorputzaren erdia gizonarena eta beste erdia zaldiarena zituen izakia zen, Arkadiako mendietan bizi zena.

Zentauroak iturrien eta haizearen espiritutzat hartuak ziren.

Elezahar batzuen arabera Ixion eta Nefeleren ondorengoak ziren eta orokorrean, gaiztoak eta maltzurrak ziren, beren animalia-espirituak gidatzen baitzituen. Salbuespen bakarra Folo eta Quirón izeneko zentauroak ziren, bihotz-onekoak eta atseginak zirelako.

HERENSUGE

Elezaharretako piztia izugarria, hegoak, atzaparrak eta narrasti-gorputza zituena. Mitologia unibertsaleko leienda guztietan agertzen da, ia beti gizakiaren kontrakoa edo etsaiaren sinbolotzat hartuta

Suge-itxuraz agertzen zen; batzuetan, hiru edo zazpi bururekin; eta bestetan, bakarrarekin. Zazpigarren burua hazten zitzaionean, sutan bildu eta bidean aurkitzen zituen zuhaitzak erdibitzen zituen.

Beste izen batzuk: Dragoi (Arrasate), Egansuge, Edensuge, Ersuge, Sierpe, Irensuge, Hegansuge, Lerensuge eta Igelsuge

Hegaz egiten zuen su-arrasto bat utziz eta hots ikaragarria sortuz.

Leize batean bizi zen animaliak janez. Batzutan gizakiak bahitzen zituen eta ito, jan edo erotzen zituen.

Kontakizun askotan, herriko jendeak, aldian behin, pertsona bat eman behar dio Herensugeari, hark jan dezan; horrela, aseta egoten da piztia eta herritarrak lasai egon daitezke.

Alegia ugaritan agertzen da eta guztietan heroi batek lortzen zuen berarekin akabatzea.

Bere gorpua Aralar eta Ultzama haranen artean lurperatuta omen dago