2013/01/30

ESPAZIORAKO BIDAIAK

    GIZAKIA ILARGIAN

    SATELITEAK

    Planeta baten inguruan biratzen diren astroak  SATELITEAK deitzen dira.

    Eguzki-sisteman diren planeta guztiek, Merkuriok eta Artizarrak izan ezik, satelite naturalak dituzte. Sateliteak eta planeta nanoak kontuan harturik, 174 satelite natural aurkitu dira eguzki-sisteman. Jupiter  da satelite gehien duen planeta, 63 baititu momentuz  aztertuak.

    Ilargia Eguzki-sistemaren bostgarren sateliterik handiena eta Lurraren satelite bakarra da, honen inguruan biraka dabilena. Ilargia eta Lurraren artean, batez beste, 384.400 km daude

    AGATE DEUNA

    Astelehenean Haur Hezkuntzako eta Lehen Zikloko ikasleak Agate Deuna abestera aterako dira.
    Institutora joan baino lehen, hamaikak aldera, ikastetxeko jolaslekuan abestuko dute.
    Anima zaitezte eta joan zaitezte entzutera!

    KILI-KOLO:AZKEN BERRIAK!!!!


    Margoketa lanak direla eta, Kili-Kolo kanpainaren kokapena aldatu behar izan dugu.

    Pistak eta puzzlearen zatiak zuzendaritza ondoko kortxoan kokatuko ditugu bihartik aurrera.

    Buruari eragin!!!

    2013/01/29

    ARGI-URTEA

    Argia den urtea? Urte bat argitan? Urtebeteko argia? zer da?
    Argi-urtea distantzia neurtzeko unitate bat da. "Urte" hitza barne hartzen duenez, denborarekin lotuta dagoen zerbait ematen du, baina ez da horrela.
    Astronomoek astroen arteko distantzia ikaragarriak neurtzeko erabiltzen dute unitate hori. Izan ere, izarrak oso-oso-oso urruti daude. Adibidez, Lurretik hurbilen dagoen izarra (Eguzkiaz gain) 38.000.000.000.000 kilometrotara dago. Proxima Centauri du izena eta 4,2 argi-urteko distantzian dago.
    Argi-urte bat urtebetean argiak egiten duen distantzia da eta argiak beti abiadura berean bidaiatzen du: 300.000 km segunduko.
    Hortaz, urtebetean zenbat kilometro egiten ditu argiak? Kalkulagailua atera!
    Oso ongi, erantzun zuzena 9. 460. 800. 000. 000 km da.
    Esne Bidearen diametroa 85.000 argi-urteko dela uste dute zientzilariek. Paseotxo bat!


    Beraz, izar baten argia gugana heltzeko urteak behar baditu, gerta daiteke orain ikusten ari garen izar bat jadanil hilda egotea baina guk ez dugu horren berri izango urteak pasa arte. Harrigarria, ezta?

    IZARRAK

    Izar bat plasmazko gorputz esferiko handia eta trinkoa da, bere erdigune beroan fusio nuklearra mantentzeko bezain handia dena. Fusioa da izarrek beren kanpo geruzetatik etengabe kanporatzen duten energiaren  iturburu.
    Izar taldeek galaxiak  sortzen dituzte eta unibertsok   argizagi nagusiak dira. Lurretik  hurbilen dagoen izarra Eguzkia.
    Izar multzo batzuek irudiak sortzen dituzte : Konstelazioak dira.

     Irudi honetan izar-multzo eta konstelazio ezagun batzuk azaltzen dira: Hartz Txikia (Ursa minor), Dragoia (Draco), Hartz Nagusia (Ursa maior) eta Orion.


    Hartz Txikiaren izar batek, distiratsuena denak, iparra adierazten du beti. Horregatik, IPAR-IZARRA esaten zaio.
    Ikusten duzunez, konstelazioek eta izar-multzoek izen bereziak izaten dituzte. Gehienak antzinako mitologietatik datoz. Bakoitzaren atzean legenda edo istorio bat dago.

    2013/01/28

    JULIO VERNE eta ILARGIRAKO BIDAIA

    Esan bezala Julio Vernek "Lurretik ilargira bidaian" eta "Ilargiaren inguran" izeneko liburuetan  gauza batzuk  igarri zituen.  Adibide batzuk ikusiko ditugu.
    •      Vernek “Montañas Rocosas" izeneko lekuan  5 metroko  diametro zuen  teleskopio bat jarri zuen. Urte asko  beranduago  “Monte Palomar”en  kokatu zuten lehenengo teleskopioak diametro berbera   zeukan.
    •   Bere garaiko potentzia handiko  herriak, Frantzia eta Ingalaterra, aukeratu beharrean, Ameriketako Estatu Batuak eta Errusia aukeratu zituen.
    •  Verneren espaziontziaren jaurtilekua   “Cabo Town” izan zen, gaur egungo “ Cabo Cañaveral”- etik oso hurbil 
    •    Verneren nobelaren lehenengo bidaia esperimentalean animaliak joan ziren. Errealitatean, espaziora joan zen lehen izaki biziduna Laika izeneko txakur  emea izan zen.
    •     Ilargira heldu zen Verneren espaziontzia “Columbia”  deitzen zen eta hiru gizon eramaten zituen. Apolo XI moduloa “Columbia”ere deitzen zen eta baita hiru gizon ere eramaten zituen
    •       Verneren bidaiarien espaziontzia Lurrera itzultzean itsasora erortzen zen, gero benetan gertatu zen bezala.

     

    ERAKUSKETA IBILTARIAK: JULIO VERNE

    Aste honetan bertan, gure liburutegian Julio Verneri buruzko erakusketa bat antolatuko dugu.
    Agian guztiok ez dugu idazle frantziar hau ondo ezagutzen, ezta?
    Julio Verne (1828-1905) idazle frantziarren artean gehien itzulita izan da.
    Zientzia eta teknologian oso interesaturik bizi zen beti eta bere liburuetan  XIX. mendeko aurrerapen zientifikoak zabaldu zituen.
    Hainbat aspektuetan aitzindari izan zen eta bere garaian ez zeuden tresna batzuen berri aurreratu zuen:
    • Gerrarako tankeen erabilera "Lurrun etxean"  liburuan.
    • Itsaspeko ontzia, "20 000 lego itsaspeko bidaia" liburuan.
    • Satelite artifizialak "Robur, munduaren jabea" liburuan.
    • Helikopteroak, espaziontziak, soinudun zinema, kalkulagailuak, ordenadoreak...
    Liburu askoren artean oso interesgarrik dira  "Lurretik ilargira" eta "Ilargiaren inguruan" liburuak. Liburu hauetan igarle gisa agertzen zaigu eta bere garaian pentsaezina zen bidaia deskribatu eta detaile askotan bete betean asmatu ere.

    UNIBERTSOARI BURUZKO TEORIAK

    Gaur argi batean zeruari so gaudenean, badakigu zeru ilunean dirdiraka ari diren astroak gure Eguzkiaren oso antzeko izarrak direla eta gugandik ikaragarrizko distantziara daudela.

    Duela ehun eta berrogeita hamar urtetik baino ez ditu gizakiak Unibertsoa aztertzeko tresnak. Aurretik, Unibertsoa nolakoa zen azaltzeko emandako teoria guztiak begi hutsez egindako behaketetan oinarritzen ziren. horren ondorioz, ez ziren batere zehatzak:

     Teoria geozentrikoa. Antzinako grekoek proposatua. Lurra Unibertsoaren erdigunean geldirik zegoela zioen, eta izarrak, Eguzkia, planetak eta Ilargia zebiltzala Lurraren inguruan biraka.


        Teoria heliozentrikoa. Duela bostehun urte, Nikolas Koperniko astronomoak esan zuen Eguzkia geldirik zegoela eta planetak, Lurra barne biratzen zirela Eguzkiaren inguruan. Teoria hark eztabaida ugari eragin zuen, harik eta 1610ean Galileo Galilei matematikariak teleskopioa asmatu, planeten eta haien ilargien higidurari behatu eta Kopernikori arrazoia eman zion arte.


    Gaur egun, badakigu bi teoria horiek ez direla zuzenak. Eguzkia izar txiki baino ez da eta Unibertsoan dauden hainbat galaxiaren arteko galaxia batean dago. Eta gainera, ez dago Unibertsoaren erdigunetzat har daitekeen lekurik.

    2013/01/27

    UNIBERTSOAREN OSAGAIAK ETA BERE SORRERA

    Astronomoek egindako ikerketei esker, badakigu Unibertsoak zer osagai dituen, baita nola eta noiz sortu zen ere.
    ·         Unibertsoa galaxiaz eratuta dago, gurea Esne Bidea da eta Virgo galaxia-kumuluaren parte da.
    ·         Galaxiak izarrez osatuta daude. Izarren artean nebulosa izeneko hauts- eta gas-laino ikaragarriak daude. Gure izarra Eguzkia da.
    ·         Izar askok inguruan planetak dituzte biraka planeta-sistemak osatuz. Gurea Eguzki Sistema da.
    ·         Zenbait planetaren inguruan sateliteak dabiltza biraka. Lurraren satelitea Ilargia da.
    1929an, Edwin Hubble astronomoak Unibertsoan milioika galaxia daudela frogatu zuen, eta galaxia horiek ikaragarrizko abiaduran aldentzen direla bata bestearengandik, leherketa batek eragindako zatiak balira bezala. Horrek ondorio honetara garamatza: Unibertsoa hedapen-prozesuan dago eta denborarekin tamainaz handitzen ari da.
     
    Hedapen horren ikaragarrizko leherketa gertatu zela uste da. astronomoek Big Bang esaten diote, eta duela hamabost mila milioi urte gertatu zela kalkulatzen da.
     
    Lekerketan sortutako zatiak abiadura handiz sakabanatu ziren eta tenperatu hozten hasi zeneann euren artean elkartu  unibertsoko elementu guztiak sortuz.

    Ondorengo bideoan  Teoria hoenen arabera Eguzki Sistema nola sortu zen azaltzen duen animazio bat ikusiko duzue:

    2013/01/25

    KILI-KOLO kanpaina

    Urtero lez, Inauteriekin lotuta, Kili-kolo  kanpaina martxan jarriko dugu.
    Aurtengo pertsonaia izkutua Euskal Mitologiarekin   eta Unibertsoarekin erlazionatuta egongo da.
    Aurreko astetan blog honetan agertu direnen artean  aurtengo pertsonaia  topatuko duzue.
    Urtarrilaren 31an hasita, Liburutegi Handiko ondoko kortxoan pistak egunero egunero kokatuko dira.

    URTAROAK



    Lurraren traslazioaren arabera  lau urtaroak eratzen dira. Beraz, urtaroak Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen translazioa eta errotazio ardatzen makurduraren emaitza dira. Urtaro horiek ez datoz bat Ipar eta Hego hemisferioetan.

    Bestetik, makurdura horrek egunen eta gauen iraupen desberdinak ere sortzen ditu.
    Beraz, iraupen luzeenak eta laburrenak ekainaren 21 eta abenduaren 21 inguruko solstizioetan gertatzen dira.
    Era berean, beste bi unetan ere egunaren eta gauaren iraupena berbera da: irailaren 22 eta martxoaren 22 inguruko ekinozioak dira.
    Egun horien artean garatzen dira urtaroak: udaberria, uda, udazkena eta negua.
     Ipar hemisferioan, ekainaren 21eko solstizioa udaren hasierari dagokio. Hego hemisferioan, aldiz, urteko egunik laburrena da egun hori, eta orduan hasten da negua. Udaberriko eta udazkeneko ekinozioetan egunek bi hemisferioetan berdin irauten dute.



    LURRAREN TRASLAZIOA

    Translazioa gure Lur planeta Eguzkiaren inguruan egiten duen mugimendua da.
    Ibilbide  eliptikoa hori  burutzeko   365 egun, 5 ordu, 48 minutu eta 45 segundo ematen ditu . 
    Horregatik lau urtero beste egun bat gehitu behar zaio urteari. Urte berezi horri bisurte deitzen zaio.

    2013/01/24

    LURRAREN ERROTAZIOA: EGUNA ETA GAUA.

    Errotazioa da Lurrak bere ardatzaren inguruan egiten duen mugimendua, eta itzuli osoa egiteko, 24 ordu behar ditu, hau da, egun oso bat.  Errotazio-mugimenduaren ondorio nagusia gauaren eta egunaren arteko txandaketa da. Eguzkiak jotzen duen aldean argitasuna antzematen dugu: eguna da. Beste aldean ilun dago: gaua da.

    Ondorengo argazkian  Europa kontinentean Eguna eta Gauaren  kokapena  bereiztuko duzue.

    GAUARGI

    Gauargi Gipuzkoako Errezil herrian argiune edo argia bera, zenbait gauez mendian azaltzen dena.
     Jeinu lagungarriak eta babesleak dira.
     Gauez  galdutako pertsonei bidea topatzen laguntzen die

    2013/01/23

    GAUEKO

    Gaueko jeinua da berau; edo, agian, gaua bera da Gaueko.
    Sinesmen zaharrek diotenez  ‘eguna egunekoentzat, gaua gauekoentzat’ da, hau da, eguna pertsonentzat eta gaua gaueko espirituentzat.
    Pertsonek, gauez, etxean egon behar dute, hura da pertsonen gotorlekua, eta gauez etxetik kanpo zenbait lan egiten ausartzen diren pertsonak Gauekoren hatzaparretan harrapatuta geldituko dira.
    Batez ere, gauari beldurrik ez diola esaten dabilena zigortzen du jeinuak, errespeturik gabe harroputzarenak egiten dabilena.
     Haize bolara baten bidez abisatzen du Gauekok gertu dabilela, eta haizeak haren deiadarra ekartzen du.

    Pertsonaia honen inguruko kontakizun asko agertzen dira herri desberdinetan, Lekeition, adibidez:

    Lekeitioko hiru irule gauean etxerantz ziohazela hiru irrintzi entzun zituzten, eta beraiek ere erantzun egin zuten.
    Beldurraren beldurrez, lasterka batean, Urkiza-aurrekoa etxean sartu ziren.
    Sartu eta atea itxi zutenean, gaueko jeinuak izugarrizko bultzada eman zion ateari, eta bertan utzi zituen hamar hatzamarren seinaleak.

    OSTADARRA SORTU NAHI DUZU?

    ZerNola web orrialdean esperimentu franko topatuko duzue eta horietariko batean "zuen ostadar partikularra" sortzeko aukera izango duzue:


    http://www.zernola.net/artikulua_irakurri.asp?Egoera=LINKSONLAP&Artik_Kod=414

    2013/01/22

    ORTZADARRA

    ORTZADARRA,  OSTADARRA edo ERROMAKO ZUBIA  zeruan, euria egitean edo egin ondoren, eguzkiaren aurrez aurreko aldean sortzen den uztai argitsu hori dugu; zazpi kolorez osatua dela diogun hori.
    Bere sorrera azaltzeko badugu euskaraz esamolde polit bat:

    EGUZKIA ETA EURIA
    ERROMAKO ZUBIA.

    URTZI eta ZERUA

    Antzina “zeru” esateko euskaraz “ortzi”, edo “urtzi” hitzak erabiltzen ziren eta hortik heldu zaizkigu, gaur arte, hainbat hitza:
    Ortzegun/ostegun = ortzi+egun
    Ortziral/ostiral-
    Ortzadar/ostadar = ortz(i) + adar
    Oskarbi = ortz(i) + garbi
    Ortzarri= ortz(i) + harri

    2013/01/21

    URTZI/ ORTZI

     Urtzi ala Ortzi euskal mitologiako pertsonaia da. Zeruan bizi den jainko honek ekaitzak sortzen ditu.

    Antzina gurtua izan zen; zeru sabaia edo zeruko argiaren pertsonifikazioa zen. Urtzik bere gain hartzen ditu Lurrera gidatutako eraso guztiak: euritea triste dagoenean, lainoa lotsaturik baldin badago, tximista eta trumoia haserre dagoenean, eta gau iluna lo egonez gero.

     Boteretsua da. Gaueko indar txarrak ere uxatzen ditu. Solstizioaren ospakizunen ardatz nagusia da. Artisau lan askotan Lauburuaren bidez  adierazten da.

    .Asteko bi egun eskaintzen dizkio euskarak: osteguna (ortzeguna) eta ostirala (ortziralea). Kristautasuna Euskal Herrira iritsi zenean, Urtzi kristautasunaren jainkoarekin identifikatu zen eta latinetik eratorritako "zeru" hitza mailegatu zen.

    Antzinako iberiarren erlijioak ere zerua gurtzen zuen, "Ostri" izenez, hain zuzen..
    Eskandinaviako Thor jainkoaren antza du, eta litekeena da zeltarrek guregana ekarritako jainkoa izatea.

    2013/01/18

    ODEI

    Odei izena lainoari ematen diogu, baina garai batean trumoiak, tximistak eta ekaitzak ekartzen dituen jeinuari ere honela deitzen zitzaion. Berak botatzen ditu trumoiak eta tximistak, herritarrak izutzeko eta uztak alperrik galtzeko. Nekazarien sinesmenek diotenez, Odei laino ilun eta ekaitsu baten itxuran agertzen da, eta antzinako jeinu edo jainko bat da, zeruko jainkoa.

     Mariren, Euskal pertsonaia mitologiko guztien nagusi den Mariren, seme gaizto bezala ere agertu izan da kontakizunetan.

    Odeiren eraginetik babesteko, erremedio magikoak erabili ohi dira, eta baita Jainkoari egindako errezoak ere. Lapurdiko Donostirin, zera egiten dute zeruetako jeinu suntsitzailea lasaitzeko: bedeinkatutako kandelak piztu, bedeinkatutako ereinotz adarrak etxeko suan erre, edo aizkora bat jarri ahoz gora, etxeko sarrera nagusiaren aurrean.

    2013/01/16

    ILARGIAREN FASEAK

    29 egunetan jarraian behatzen baldin badiozue Ilargiari, ohartuko zarete ez duela beti itxura bera izaten.
    Ilargiak Lurraren inguruan bira egiten duenean, Eguzkiak argiztaturiko ilargi-zona posizio anitzetan egon daiteke, egunen arabera. Horren ondorioz, Lurretik begiratuta, hainbat forma ikusten dugu, ilargi-fase izenekoak.

    ILBERRIA
    Fase horretan, Eguzkiaren argiak Ilargiaren ezkutuko aldean jotzen du; hau da, Lurretik ikusten ez den aldean. Hori dela eta, ezin dugu Ilargia zeruan ikusi.






     ILGORA    
    Lurretik begiratuta, Ilargiak D letraren itxura du, eguzkiak argiztatutako zatia Eguzkiaren ekialdeko hemisferio delako. Eguerditik gauerdirarte ikusten da.                  







    ILBETEA
    Fase horretan, Eguzkiak guztiz argitzen du Lurretik ikusten den Ilargiaren aldea, Ilargia Eguzkiaren aurrez aurre kokatuta baitago. Ilunabarretik egunsentira arte ikusten da.
    





    ILBEHERA
    Fase horretan, Lurretik ikusita, Ilargiak C letraren itxura du, Eguzkiak Ilargiaren mendebaldeko hemisferioa argitzen baitu. Gauerditik eguerdira arte ikusten da.




    Bideo honetan ikusiko duzue: 

    ILARGIA ETA GIZONA

    Aspaldi, lapur bat bizi zen Antzuolan. Ez zen lapur handia, gauza txikiak lapurtzen zituen: oilo bat hemen, untxi pare bat han, letxugak, tomateak...
    Negu gorriko gau hotz batean, zeruan izarrak kontatzeko moduko argitasuna zegoenean, herriko batek bere ate ondoan pilatua zuen egur sorta bat lapurtzea pentsatu zuen gure gizonak. Gauaren iluntasunez baliatuz eta jende guztia lo zegoela, egur sorta lapurtu eta etxera joan zen azkar.
    Poz-pozik zihoan inork ikusi ez zuelakoan, eta lan handirik kosta gabe, burutu zuelako. Horretan, ilargia zeruan garbi-garbi zegoela konturatu zen eta, gainera, berari distiratsu jarraitzen zitzaiola iruditu zitzaion. Ilargiarekin haserretuta, oihu egin zion:
    -Ez dut zure beharrik, entzun? Alde hemendik!
    Ilargiak, jaramonik egin gabe, jarraitu egiten zion eta berriro oihukatu zion:
    -Alde egiteko, entzun? Alde hemendik!
    Gizonak egurra lurrean utzi, harri batzuk hartu eta ilargiari botatzen hasi zen.
    Halako batean, ilargia jaisten eta jaisten hasi zen eta, gizonarengana hurbildu zenean, bere adarrarekin gerritik heldu eta jaso egin zuen.
    Geroztik, lapurra ilargian dago eta ilbeteko gauetan bere aurpegia garbi antzeman daiteke, adi begiratuz gero.

    ILARGI-AMANDREA

    Ilargia edo Ilargi-Amandrea ere Lurraren alaba da, eta antzinako euskaldunentzat garrantzi handia izan behar zuen, zeren, eguzkia jangoikoaren begi bezala agertzen bazaigu, Ilargia jangoikoaren aurpegi legez hartzen da. Hildakoen arimak argiztatzen omen ditu Ilargiak.
    Aintzinean Ilazki ere deitua izan zen.
    Gurtua izan zen erromatarren garaian. Ilargia ekialdetik azaltzen denean, hurrengo eguneko eguraldiaren galde egiteko hala esaten zaio:

    Ilargi amandrea,
    Zeruan ze berri?
    -Zeruan berri onak,
    Orain eta beti.

    2013/01/15

    UDAZKENA

    Udazkena heldu da,
    Txoriak isilik,
    Hostoak jausi dira, hostoak jausi dira
    Zuhaitzak tristerik
    Baina gu neska ta mutil
    Pozez beterik.

    Haizea dabil
    firin-faran,
    zuhaitzak oker,
    hostoak hegan.

    Eguzki amandrea,
    Zer dakarzu berri?
    Udazkena da
    eta hostoak erori.

    Hosto marroiak
    lurrean,
    kras-kris, kras-kris
    hitz eta pitz.

    EGUZKI-AMANDREA

    Eguzkia edo Eguzki-Amandrea  ere jainko garrantzitsua izan da euskaldunentzat, berak ematen du beroa eta argia, eta bere menpe dago lurrean bizitza; eguraldi ona edo txarra, uzta oparoa edo eskasa. Baina horrez gain, lurrazpiko jeinuengan botere handia du; eguna argitzean bere bizilekura erretira arazten baititu. Eguzki izpiek harrapatzen dituztenean zenbait jeinuk eta aztik, boterea eta doainak galtzen dituzte. Horregatik, Eguzkiaren boterea irudikatzen duen eguzkilorea jartzen da baserriaren sarrerako atean, jeinu gaiztoak uxatzeko.
    Elezahar batzutan jainkoaren begi modura ere aurkezten zaigu Eguzkia.

    2013/01/14

    MARI

    Marik, euskal mitologiakako pertsonaia garrantzitsuenak, naturaren personifikazioa eta beste pertsonaia mitologiko guztien nagusia denak, berebiziko harremana du lurrarekin. Sinismen zaharretan Ama-lurraren pertsonifikazioa izan zitekeen. Bere bizilekua lur barnea da hain zuzen ere, haitzuloetan bizi baita
    Bere senarra  Maju edo Sugaar da. Bi seme ditu, bata ona,  Atarrabii; eta gaiztoa bestea, Mikelats.
    Itxura desberdinak hartzen ditu leize zulotik irteteko: dotore jantzitako dama, lau zaldiko gurdian eserita airea zeharkatzen duena, sua jaurtitzen edo suak inguratuta, animalia oinak dituen emakume itxura duena, etab. Lur azpian dagoenean, animali itxura hartzen duela uste da.       
       
    IRUDIAREN GAINEAN KLIKATUZ GERO GEHIAGO JAKITEKO AUKERA IZANGO DUZUE.

    2013/01/11

    LURRAREN LEIENDA

    Antzinean, gizakiak lurra jendeztatzen hasi zirenean, ilunpean bizi ziren. Ez zen ez eguzkirik, ez ilargirik eta gizakiak Lurraren barnetik ateratzen ziren jeinuen beldur bizi ziren. Jeinu horiek itxura askotan azaltzen ziren: zezengorri, zaldi hegalari, herensuge... eta abarren itxuran. Halako batean, gizon-emakumeek Lurrari laguntza eskatzea erabaki zuten.

     -Amalur- esan zioten- arrisku bizian bizi gara ilunpe honetan, egizu zerbait gizakiok babesteko.

     Lurrak ez zien jaramonik egin, baina gizakiek ez zuten etsi nahi izan, behin eta berriro joaten zitzaizkion gauza bera eskatzen. Azkenean honela esan zien Lurrak:

    -Laguntza eskatu didazue behin eta berriz, eta lagundu egingo dizuet. Argizko izaki bat sortuko dut zuentzat, "ilazki" deituko diozue.

     Eta Lurrak Ilargia sortu zuen.
    Hasieran, gizon-emakumeak beldurtu egin ziren forma aldatzen zuen izaki hura zeruan ikustean eta ez ziren ausartzen haitzuloetatik ateratzen, hala ere, pixkanaka-pixkanaka ohitu egin ziren. Gizakiak ez ezik, jeinuak ere ikaratu egin ziren halako gauza distiratsua ikustean, baina haiek ere ohitu egin ziren eta, luzaro baino lehen, leizeetatik atera eta gizakiei berriro erasotzen hasi ziren. Gizon-emakumeak berriz ere Lurrarengana jo zuten.

     -Amalur -esan zioten- oso pozik gaude ilargi amandrea sortu duzulako, baina jeinuek behin eta berriz jazar egiten digute, zerbait indartsuagoa behar dugu haiek baztertzeko.

    -Ongi da -esan zien Lurrak-, lehen baino izaki argitsuago bat egingo dizuet eta 'Eki" deituko diozue.

     Eta Lurrak Eguzkia sortu zuen.
    Handik aurrera Eguzkia eguna izango da eta, Ilargia gaua. Eguzkia oso handi, argitsu eta beroa zen. Gizakiek haren argitasunera ere ohitu behar izan zuten, baina pozez zoratzen jarri ziren, zeren jeinuak izutu ez ezik, haiek ez zuten egunezko argitasunera ohitzerik izan eta, geroztik, gauez bakarrik ateratzen ziren. Gainera, eguzkiaren bero eta argiari esker, koloretako landareak eta fruta arbolak hazten hasi ziren. Gizakiak esker ona azaldu eta beste zerbait eskatzera ere berriro Lurrarengana joan ziren.

     -Amalur -esan zioten- eskerrak ematen dizkizugu ilargi amandrea eta eguzki amandrea oparitu dizkiguzulako, baina beste zerbaiten beharrean gaude hala ere: gauez, jeinuek leizeetatik irten eta eraso egiten digute.

    Oraingoan, Lurrak esan zien:

     -Ondo da! Beste behin ere lagunduko dizuet: lore eder bat sortuko dut zuentzat, ederra eta hostotsua izango da eta gaueko izakiek hura ikustean, Eguzkia bera dela usteko dute.

    Eta Lurrak Eguzkilorea sortu zuen. Gaurdaino gure etxeak gaitz guztietatik defendatu ditu: izpiritu gaizto, azti, lamia, gaixotasun-jeinu, ekaitz eta abarretatik

    AMALUR

    Euskal Herriko elezaharretan Lurra, Ama-Lurra, agertzen zaigu Jainko nagusi legez. Izaki guztien bizilekua eta babesa, berezko bizitza indarra duena eta natura guztiaren sortzailea. Landareen eta animalien izatea berak ziurtatzen du, eta gizakioi ere berak eskaintzen digu beharrezko elikagaia eta bizilekua.. Bera da, gizakiei nahiz animaliei, jan-edana eman dizkiona Amalur Eguzkiaren eta Ilargiaren amatzat hartzen da

    2013/01/09

    INAUTERIAK

    Laster barru Inauteriak helduko dira Euskal Herrira. Aurten ere, pertsonaia mitologikoak lantzen jarraituko dugu.
    Ondorengo web orrialdetan pertsonaia, mito eta alegien inguruko informazioa topatuko duzue.
    http://www.amaroa.com/
    http://www.puntubi.com/banatzaileak/3nagusimitolo.htm