2012/02/15

LAPURDIKO INAUTERIAK: KOTILUNGORRIAK

Lau egunetan ospatzen dituzte Ustaritzen Inauteriak. Lehengo hiruretan eskaerak egiten dira. Pertsonaia finko batzuk joaten dira etxez etxe dantza egiten eta etxekoek emandakoa jasotzen.

Hiru egun horietan dantzariak desfilean joaten dira batetik bestera. Desfile horretan Kaskarot, Ponpiera eta Kotilungorri deitzen direnek hartzen dute parte.
Kaskarotak dira izatez dantzariak. Alkandora eta praka zuriak dituzte, txapel brodatua, gerriko zabal morea eta praken bi alboetan koloreetako zintak josita , irudiak egiten. Eskuetan bina makilatxo. Mutilak izaten dira, hamarren bat. Talde hori joaten da lehengo, musikariak dituztela atzean.
Ondoren, Ponpiera eta Kotilungorriak doaz. Ponpiera, antzinako bufoien antzera dago jantzita, aurpegian karatula gorria darama eta eskuetan sorgin-artaziak.
Kotilungorriak dira guztien artean ikusgarrienak, bi izaten dira. Gona gorria dute soinean, praka zurien gainetik, artilezko jaka zuria eta koloreetako amantala; horren poltsikoan airera eta jendeari botatzeko errautsa daramate. Eskuan, ostera, makila daramate, bertatik zintzilik behi-buztana; buruan, txoto luze piramidala eta gerrian zintzarri ugari eskegita; aurpegia tela gorrizko maskara batez estalia, aho eta begiak bistan dituztela. Pertsonaia horiek umeak izutzen ibiltzen dira. Horrez gain, etxekoek emandako eskudirua batzen dute. Sei edo zazpi ordutan etxez etxe ibili ondoren, txokoren batera abiatzen dira jatera guztiak.

No hay comentarios: