Ituren eta Zubietako Inauterietan joaldunak agertzen dira. Herri horietan, urtarrileko azken asteko edo otsaileko lehenengo asteko astelehen eta asteartean ospatzen dira Inauteriak, bi herrietako mutilek ados jarrita aukeratzen duten egunean.
Joaldunak bi herri horietako mutil taldeak dira; beraien ezaugarri nagusia gerrian zintzarri handi parea lotuta eramatea da. Zintzarria da Inauteri horietako elementu nagusia. Mutilok, gerria astinduz, izugarrizko hotsa ateratzen diete zintzarrioi. Binaka joaten dira ilaratan joaldunak.
Astelehen eguerdian Zubietako Joaldunak joaten dira Itureneraino, hogei, hogeita hamar edo gehiago ere, beren dantzarekin zintzarri-hotsa sortzen.
Asteartean Iturengoak joaten dira Zubietara. Bide erdian egoten zaizkie zain Zubietakoak, eta elkarrekin egiten dute hortik aurrerako bidea. Bide hori egiten ere etengabe entzuten da zintzarri-hotsa. Bidean, beste lagun batzuk gehituko zaizkie: karroxak, mozorrorik harrigarrienak, sorginak, ijitoak…Ordu bietan bueltan heltzen dira Joaldunak Zubietara eta hango kaleak eta enparantzak korritzen dituzte, beren dantzan kontzentraturik, seriotasun handiz.
Ituren eta Zubietako Joaldunen janzkera desberdina da. Iturengoak ardi larru doblea eta zapi gorriak daramatzate soinean; Zubietakoek, ordea, ardi larru bakarra eta zapi urdinak. Guztiek eramaten dute isipua eskuineko eskuan eta txoto dotorea buruan. Txoto horri” Ttuntturroa” deitzen zaio, hortik Joaldunei “Ttunttrurroak” deitzea.
Zintzarrei “joare” deitzen zaie, hori dela eta, joaredun izena ere jasotzen dute.
Badago beste era bat ere talde hauek izendatzeko: Zanpantzarrak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario