Mundakan, Igande Inauterian, gizon eta mutil talde handi bat kaleratzen da, musika jo eta abesten.
Zuri-zuri jantzita joaten dira guztiak, musika bandaren zuzendaria izan ezik; frak beltza eta kolore bereko kapela eramaten ditu soinean. Musikariek burko-azala janzten dute buruan, batzuetan aurpegia bistan utzita eta beste batzuetan aurpegia estalita. Aurpegia bistan daramatenek bibote eta papilote handiak pintatzen dituzte beren aurpegietan. Bi gona dituzte. Gona bat gerrian eta bestea lepotik sartuta, alkandora balitz bezala.
Herriko kaleetan ibili ondoren, kantatu eta kantatu, portura abiatzen dira zuzendariaren gidaritzapean. Portuan, petril gainera igo eta banan-banan ilaran jartzen dira guztiak. Urtean-urtean kantu berri bat asmatzen dute egun honetarako, eta, kantatzeko orduan, kantu berri honetaz gainera aurreko urteetako abestiak ere izaten dituzte kantatzeko gai.
Egun honetan, Mundakan, beste herri batzuetan bezala, tostadak jateko ohitura dago. Antzina, atorrak balkoietatik sukaldeetara sartu eta etxeko andreak prestatutako tostadak lapurtzeko ohitura zegoen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario