2012/01/23

MARI

Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia da. Anbotoko Mari, Anbotoko Dama izenak ere hartzen ditu.

Hainbat euskal menditan bizi da (Txindoki, Murumendi ..), bizitokirik garrantzitsuena Anbotoko leize bat duelarik, "Mariren Koba" izenarekin ezaguna.

Dama elegantea eta ederra da Mari, lurpekoen andere, trumoi eta tximisten gidari, aberatsa eta ibiltaria. Zazpi urtetik zazpi urtera mugitzen da leize batetik bestera, argi biziz inguraturik, suzko bola baten moduan. Lau zaldik eramandako gurdi baten gainean ilargi beteko gauetan ere ikusi izan dute.

Sugaar da bere senarra, sorginak bere gurtzaileak eta bi seme ditu: Mikelats eta Atarrabi , ongia eta gaizkiaren irudikapenak

Badaki gaiztoak zigortzen eta zintzoak saritzen. Gaiztoei uztak hondatzen dizkie. Zintzoei, berriz, lurreko emaitzak ugaritu eta iturriko ur onak ematen dizkie.

Mariri beti hika egin behar zaio. Ezin da bere aurrean eseri, eta bere kobazulotik sartutako eran atera behar da.

No hay comentarios: