2011/12/17

OLENTZERO

Eguberri inguruan zorionak ematera eta Berri Ona iragartzera etortzen zaien pertsonaia mitikoren bat dute herrialde askok. Ezagunenetarikoen artean, Aita Noel, Hiru Errege Magoak eta Santa Claus daude.
Euskal Herrian, Olentzero da abenduaren 24an Eguberria iragartzeko ardura duena.

Neguko solztizioa ospatzeko Kristo aurreko tradizio paganoarekin du harremana Olentzerok. Ospakizun horrek suarekin zerikusi handia du. Hasiera batean, Gabon-gauan tximiniako sutara botatzen zuten enborrari deitzen zioten Olentzero. Biharamunean, su horretako errautsak etxebizitzako ate nagusiaren aurrean sakabanatzen zituzten, etxea bera eta bertan bizi ziren guztiak urte berri osoan babesteko.

Badira elezaharrak, Olentzero azken jentila dela aipatzen dutenak. Hau da, Kixmi, Kristauen jainkoa, etorri zenean jentilak desagertu egin ziren, baina batek iraun zuen, eta honek eman zien herritarrei Jesusen jaiotzaren berri. Kristautasunak bereganatu zuen azken jentil hau Olentzero izan zen.

Egun, Olentzero, Euskal Herriko umeei eta nagusiei, Gabonetan opariak ekartzen dizkien pertsonaia da. Ikazkin hau, urte osoan, basoan, ikatza egiten egon ondoren, zaku-bete opariz zamatuta ibiltzen da Gabon gauean, etxez etxe, poza banatzen. Urtean zehar zintzo portatu denarentzat oparia izaten du, eta gaizki portatu denarentzat, ikatza.

Olentzerorekin jolastu nahi izanez gero edota eskutzitza bidaltzeko asmoa baduzue, hemen duzue Olentzeroren Borda. Sartu, jolastu, ikasi eta ondo pasa.

http://www.komunika.net/olentzero/

No hay comentarios: